XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MOTZIAN KONTATZEKUAK

Marrazki Ikastaroa

ELGOIBARREN, 19. zk.

Ekainaren 1etik 21era bitartean Egur arte tailerrak 30 ordutako marrazki ikastaroa antolatu du.

Klaseak astelehenentik ostiralera bitartean izango dira, arratsaldeko 6etatik 8etara Egurrek Ubitarten duen lokalean.

Ikastaroa Aldundia eta Udalaren laguntzaz antolatu du Egurrek.

Izena eman nahi dutenek Egurreko lokalean egin ahal izango dute, 6,30etatik 8ak bitartean.

Jendez gainezka zegoen Herriko Antzokia Dantza Eskolako haurren kurtso bukaerako jaialdia ikusteko.

Ordu t'erdi pasatxo iraun zuen jaialdian, hainbat dantza saio eskaini zuten Dantza Eskolako haurrek: klasikoa, herrikoia eta modernoa.

Jaialdian, dantza eskolako haur guztiek, 200 denetara, hartu zuten parte.

Alboka abesbatzaren kontzertua

Lasarteko Alboka abesbatzak kontzertu bat emango du larunbat honetan gaueko 10,30etan San Bartolome Parrokian.

Daniel Adrianen zuzendaritzapean 14 obratako egitaraua eskainiko du Lasarteko abesbatza honek: Of love, Odi et Amo, Rosmarín, Von Alten Liebesliedern, Waldesnacht, Deep River, Libera Me, Ave Maria , Txoriñua nurat hua, Jeiki jeiki, Lili Polit bat, No llores Ne, El eco de una Habanera, Soule, Melodi Gorria eta Pagotako Auzoan.

Caritasen diru-bilketa

Apirilari dagokion diru bilketan, Caritas elkarteak 358.000 pezeta jaso ditu.

Hauetatik 259.000 pezeta parrokian jaso dira, 39.400 pezeta Maalako elizan eta 60.000 pezeta, Zaharren San Lazaro egoitzan.

400 pertsona inguru bildu ziren ostiralean Lanbide Heziketa Institutuko ikasleek antolatutako bertso saioan

Bi ordu iraun zuen jaialdian 6 bertsolari aritu ziren kantuan: German Meabebasterretxea eta Xabier Arrizabalaga Ziarda elgoibartarrak eta Andoni Egaña, Jon Maia, Sebastian Lizaso eta Xabier Euskitze.

Gai jartzaile lanetan Izaskun Elizburu eta Jon Barandiaran elgoibartarrak izan ziren.

Txankakua elkarteak lehen Batzar Orokorra egin zuen

Txankakua Merkatari eta Zerbitzu elkarteak lehendabiziko Batzar Orokorra izan zuen pasa den astean.

Batzarrerako deialdiak erantzun guztiz positiboa izan zuen herriko dendarien aldetik.

Bertan, Gipuzkoako Merkatari Elkartea, zuzendaritzaren berriztapena, balantze ekonomikoa eta beste zenbait gai aztertu zituzten.

Txankakua elkartea 72 bazkidek osatzen dute orain eta, sortu zenean, berriz, duela urtebete, 45 bazkide ziren.

Txankakuakoek lagun arteko afari eta afari ostekoaz eman zioten bukaera egunari.

Plaza gainezka, Bandaren kontzertuaren grabazioan

Igande eguerdian, Plaza handia jendez bete egin zen Euskal Telebistako kamarek grabatu zuten Bandaren kontzertua ikusteko.

Izan ere, jende falta izan da Euskal Herriko bandei buruzko Kiosko programakoek izan duten arazorik handiena.

Gure herrian, ordea, ez da horrelakorik gertatu, igandean Plazak erakutsi zuen panoramaren arabera.

Gure herriko Banda, Kiosko programan agertuko den emisio eguna eta ordua aldez aurretik jakinaraziko da elgoibartar guztiek programa ikus ahal dezaten.